martes, 18 de mayo de 2010

Azterketa gainditzea ez da ikastea

Izar Mendiguren Cosgaya

Azterketa gainditzea ez da ikastea. Hori irakurri dut, gaur goizean EHUko kazetaritza fakultatean ikasgelarantza oinez nindoala. Eta pentsatu dut, "arrazoi osoa". Lau urte daramatzat unibertsitateko ikasle gisa, eta azterketa gehienak gainditu ditudan arren, arlo asko ez ditut ikasi. Ikusi bai, ikasi ez. Lau hilabetetan zehar, irakasle zein ikasleak gaiarekiko hurbilpen bat egiten saiatzen gara, nolabaiteko aditu izan asmoz. Alabaina, aditua aritzearen ondorioz egin edo sortzen da. Nazioarteko Harremanak aztertzen lau hilabete pasa dituen pertsona batek, hamar galdera erantzuteagatik ez du hamaikagarren galderatik milagarreneraino erantzuteko gaitasunik.

Azterketak ate joka ditugu eta ikasle asko gara irakasleen tutoretzetara atea jotzen hurbildu garenak. Batzuk, laguntza bila, eta beste batzuk mirari eske. Nire ustez, zeozer ikasteko erarik eraginkorrena horretan lan egitea da. Beti pentsatu izan dut, astebete lehenago kontzeptuak memorizatzeak ez duela ezertarako balio. Eguneroko lanean ikasten da, eta hori da biharko egun batean balioko diguna. Izan ere, zenbat apuntek bukatu dute zakarrontzian ezertarako balio ez dutela sinetsita? Ikasitakoak ezertarako balio ez duela pentsatzen duen jendea dagoen bitartean, hezkuntzak eta komunikazioak arazo bat du.

No hay comentarios: