jueves, 6 de mayo de 2010

Kexak bai, baina zertarako?


Izar Mendiguren Cosgaya


Askotan kexatzen gara ikasleak. Badirudi, ikasketaren parte dela kexatzea. Berdin da zein arlotan, unibertsitatean, lanean, telefonicarekin, futbol partidua ikusten... asetzen ez ditugun nahiak askotan ateratzen ditugu argitara. Euskaraz ezin ikastea, kotxearen gasolina garestitzea, okinari ogia erretzea, azken zigarroa lapurtzea...edozerk ematen du kexatzeko parada. Eta azterketa garaian zer esanik ez, dela azken probaren ordua, irakasleak sartutako azken orduko ariketa... azkenean, kexak besterik ez ditugu ahotan.

Aurki, kredituak amortizatzeko epea irekiko da idazkaritzan, eta izugarrizko ikasle ilada osatuko da gure fakultatean. Euskaraz zuzendu, eta euskaraz ez dakiela erantzungo digu idazkariak ustez euskalduna den unibertsitatean. Kexa sartuko dugu, eta belarrietatik burura igaro gabe aterako da erreklamazioen buzoitik.


Urrian, matrikulazioarekin arazo bat izan nuen, nahi gabe izenburua euskaraz zuen hautazko arlo batean matrikulatu nintzen. Irakasgai hori, euskaraz eta erdaraz eskaintzen zen, baina bi izenburuak euskaraz ageri ziren. Hala, oharkabean, erdarazkoan matrikulatu nintzen eta matrikulan aldaketak egiteko epearen barnean ciberperiodismon izen ematea eskatu nuen. Nire nahia, Euskal Herriko Garaiko Historia erdaraz beharrean, ciberperiodismo ikastea zen. Idazkaritzakoen erantzuna, ezezkoa izan zen, ezin nintzela Euskal HErriko Garaiko Historia erdaraz ematetik desapuntatu. Izan ere, matrikula itxia zuen arloak, eta idazkaritzakoen ustez, gainontzeko ikasleei arlo hori ikasteko aukera ukatzen ari nintzaien nik izena ematearren. NIk nire eskubidea eta haien betebeharra zela erantzun nien, matrikulan aldaketak egiteko epearen barnean nengoelako. Ia zazpi hilabete pasa dira. Nire kexa, dekanotzara bidali zuten. Eta oraindik, erdarazko arlo horren zerrendatik ezabatzeko erantzunaren zain nago.


Kexatzea bezain garrantzitsua da hankasartzeak onartzea. Nik, hanka sartu nuen, matrikulazioa egitean aukera gaizki egiteagatik. Ez dut onartzeko arazorik. Baina EHUk? Kexatzeko aukera ematearen konpromisoa baldin badu, erantzutekoa ere har dezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario